Centro Guna Donostia Reconocimiento Medico 1Mendiak bere burua eta bere mugak ezagutarazten lagundu dio Joxe Ramoni, horri esker, bere ekintza eta jarrerak zuzendu ditu. Mendian hezi eta hazi izan da Joxe Ramon eta mendiak beti eragin izan dio ongi azaltzen ez dakien ongizatea. Baina Joxe Ramonek ez du soilik mendian gora egiten, ondoren, tontorretik jauzi egin eta hegan egitea izugarri gustatzen zaio. Halakoa da bera.

Joxe Ramon, nondik datorkizu mendiarekiko zaletasuna?

Aitarengandik datorkidan zerbait da. Berak zaldiak zituen eta aitzakia horrekin ibiltzen zen mendian. Ni, 15-16 urterekin hasi nintzen lehen urratsak ematen.

Eta mendiaren osagarria izan da hegan egitea?

Aireratzera bultzatzen zaitu mendia igotzeak. 19 urterekin bat-bateko maitemina izan nuen. Europako Pikoetan izan zen. Madrildar batzuk delta hegal batekin ikusi nituen eta handik urtebetera, delta hegal bat nola egin azaltzen zuen liburua eskuratu nuen. Nik neuk egin nuen nire lehen delta hegala, eta harekin egin nuen hegan lehen aldiz Txindoki menditik jauzi eginda. 35-40 kiloko tresna igo genuen hainbatek Txindokira. Bertatik salto egitea “izugarria” izan behar zuela uste genuen. Horixe izan zen nire lehen esperientzia. Ondoren parapentea agertu zen eta orduz geroztik beti dut nirea motxilan sartuta. Mendira igo naizen gehienetan egin dut salto harekin.

“Lorpen handiena ez da entzutetsuena den hori, lorpen bakoitzak bere ezaugarriak baititu”

Gogoan dut, behin, bi elur-jausik jarraian harrapatu gintuztela laguna eta ni. Bigarrenak, laguna lurpean sartu zuen, desagertu eta hurrengo egunean azaldu zen. Heriotza oso gertu ikusten duzu zoritxarrez. Dena den, balantza batean jarri beharko banu, askoz ere gehiago da aldeko duena mendiak, kontrako duena baino. Esaterako gogoan dut Papuara (Indonesia) joan nintzeko bidaia. Bidaia bakoitzak hamaika osagai ditu: osagai gizatiarra, osagai kulturala eta osagai teknikoa. Bakarrik joan nintzen Papuara eta 7 egun eman nituen basoan. Bertan bizitzak oso balio txikia du. Bertako biztanleak biluzik bizi dira eta jarrera basatia dute. Mehatxatuta sentitu nintzen hasieran, baina mehatxu hori harreman estua bihurtu zen ondoren. Ez dute oparirik egiteko ohiturarik eta bapatean, euren etxeetan duten onena ematen dizutela ikusteak, izan lantza bat, geziak edota egurrezko tailua, hunkigarria da. Bidaia hartan gailurrera ailegatu banintzen ere, lorpen handiena pertsona horien sentimenduetara ailegatzea izan zen.

Sekula amorerik eman al duzu?

Noski baietz, eta mendi batetik baino gehiagotik jetsi behar izan dut tontorrera iritsi baino lehen. Muga, segurtasun baldintzetan, baldintza termiko eta fisikoetan dago. Zaila izaten da ordea, horrenbeste prestatu duzun helburuari uko egitea, baina hori ere ikasi egiten da. 8.000 metroko igoera 100 metrotara bertan behera uztea oso gogorra da, baina gezurra dirudien arren, 100 metro ordubete dira gora eginez eta ordu t´erdi-bi ordu beheruntz (neketsuagoak izaten dira jeitsierak). Hiru ordu horiek zorigaiztoko bihur daitezke. Beste batzuetan erabaki okerra hartuta aurrera egiten duzu, gai zarela sinistuz, baina zure gorputza okerrera egiten ari da, ez duzu energia erreserbarik eta psikologikoki ere ez zaude behar bezain ongi. Erlaxatu egiten zara eta orduan da esfortzu gehien egin behar duzun unea, ezin duzu akats txikiena ere egin. Sarritan, arrisku horiek gutxiestea da mehatxurik handiena.

“Al filo de lo imposible” saioan hartu duzu parte…

Bai, eta bertan, izan dudan hegaldirik ederrenetakoa bizi izan nuen. Gasherbrum 2 mendian izan zen. Tontorrera ailegatu ginenean ez zen posible bertan hegan egin ahal izatea. Gailurretik gertu pasa genuen orduan gaua. Hurrengo egunean biharamun zoragarria izan genuen. Salto egin eta ia ordubete aritu nintzen hegan. Lurtarra zarela ohartu eta jeitsi egin behar duzu azkenik.

“Bihotzarekin hartutako erabaki oker askoren ostean, burua gehiago erabiltzen ikasten duzu”

Mendian, gune altuetan nagusiki, erabaki guztiak bakarrik hartu behar dituzu eta urrats bakoitza bakarrik eman behar duzu. Burua erabili behar duzu horrelakoetan, ezin duzu taldeak eramaten utzi. Parapentearekin askoz ere gehiago erabili izan dut bihotza, eta erabaki oker ugari hartu izan ditut horregatik. Zorionez, kontatzeko aukera izan dut ordea. Txinan, 6.000 metro baino gehiagora, oso eguraldi txarra genuen. Gaua bertan pasa genuen, hurrengo egunerako eguraldiak hobetuko zuelakoan. Ez zen hala izan. Nere burua engainatu eta jauzi egin nuen. Bi-hiru ordu egon nintzen airean, ezin lurra hartu. Bihotzak mugiarazi ninduen orduan ere.

Prestakuntza fisikoak nola baldintzatzen du zure jarduera?

Mendian, nagusiki altuera handian, fisikoki ongi egotea segurtasuna da mendizalearentzat. Gaur egun, benetan garrantzitsu bilakatzen ari da aurretik prestatuta egotea. Gainera, diziplina bakoitzaren inguruko ezagutza geroz eta handiagoa da, eta horri esker, kirolari bakoitzari neurrira egindako entrenamendua prestatzea posible da. Aurretiko prestakuntzak lesioak ekiditen ditu eta probetan benetan gozatzeko aukera ematen dizu. Ramon Elcorok, Guna Zentroko prestatzaile fisikoak, froga guztietan laguntzen dit, prestaketa eta jarraipen lana egiten du. Nire egoera eta gaitasunak aintzat hartuta nire gorputzarentzat egokia den entrenamendua prestatzen du.

Joxe Ramon Agirre - Centro Guna Reconocimiento Medico 2Joxe Ramon Agirre - Centro Guna Reconocimiento MedicoJoxe Ramon Agirre - Centro Guna Reconocimiento Medico 3

Write a comment:

*

Your email address will not be published.

Centro Guna Salud y Bienestar en todas las etapas de la vida

RPS 20/15

Teléfono de contacto:        943 290 355